Foru Aldundiak eta Bilboko Merkataritza Ganberak Barrixe-Bizkaiko Berrikuntza Behatokiaren bidez eginiko azterlan batek jakinarazi du 10 enpresa berritzailetik 6k beren hasierako helburuak betetzen dituztela. Norabidea 2012k, Bizkaiko enpresek beren negozio planetan berrikuntzari ematen dioten garrantzia aztertzen duen txostenak, dio kontsultatutako enpresen %66ren iritziz ongi hartutako erabakia izan dela. Enpresek fakturazioa, marjinak edo irabazi garbiak baino gehiago baloratzen dute kalitate hobea eta produktu edo zerbitzu sorta zabala izatea.
Bizkaiko enpresa berritzaileak zerbitzuen sektoreko konpainia sortu berriak dira, esportatzaileak, merkatuan sartzeko edo hazteko fasean dauden produktuak dituztenak eta erantzukizun postuetan 35-45 urte bitarteko erdi edo goi-mailako unibertsitate titulatuak dituztenak. Prozesuetan sartzen dituzten berrikuntzak funtsean teknologikoak dira eta beren igurikapenen betetze-maila handia da.
Prozesu berritzaile honen onurak gorabehera, berrikuntzak egiten dituen Bizkaiko enpresen kopurua jaitsi egin da azken lau urteotan, eta halaber, epealdi horretan murriztu egin da berrikuntza estrategia jarraitu edo estruktural bezala aplikatzen duen enpresa kopurua. Denbora horretan bi enpresatik batek ez du inolako elementu berritzailerik sartu bere kudeaketan. Prozesu hori geldiarazten duten arrazoi batzuk dira merkatuaren egoera, berrikuntzaren kostua edo ondasun eta zerbitzu berritzaileen eskaintza falta.
Norabidea 2012 txostenak dioen bezala, Bizkaiko Berrikuntzaren Behatokiak elkarrizketatu dituen hamar enpresatatik lauk eskuarki kolaboratzen dute beste sektore batzuetako konpainiekin, bezeroekin edo ekipo eta teknologia hornitzaileekin produkzio prozesuak berritzeko orduan. Lankidetza hori baliagarria da enpresen %44,8ren iritziz; %23,8k, berriz, nahiago du erronka horiei bakarrik aurre egin.
Azterlanean argi ikusten da laguntza publikoak gero eta garrantzitsuagoak direla berrikuntzan: azken urtean 10 konpainia berritzailetik 4k erabili dituzte erakundeek enpresa berritzeko prozesuaren kostuak ordaintzeko eskaintzen dituzten bideak.