Euskadi Europako berrikuntza-liderren ondoan dago kokatuta Europako Eskualde Berrikuntzaren Barometroan

Regional Innovation Scoreboard 2012 (RIS) delakoaren arabera, Euskadi berrikuntza gehien egiten duten Europako eskualdeen bigarren taldean goi mailan dago; Europar Batasun, Suitza, Finlandia eta Kroaziako 190 erregio edo eskualderen berrikuntza-maila konparatzen du RISek. Gainera, azterketa horrek Euskadi liderren kategorian jartzen du I+G Esparru Programako erretornu edo itzulkinetan, egiturazko funtsen erabilera apalarekin.

Berriaren irudia


RISek agerian utzi du berrikuntza bultzatzaile nagusia dela aberastasuna eta enplegua sortzeko, eta eskualde edo erregioak 4 motatan sailkatzen ditu: berrikuntzako liderrak (41 eskualde), berrikuntzako jarraitzaileak (58 eskualde), berritzaile neurritsuak (39 eskualde) eta berritzaile apalak (52 eskualde). Mota horiek goiko, erdiko eta beheko mailatan azpisailkaturik daude. Euskadibigarren taldean dago goiko mailan, Madril eta Nafarroarekin batera.
Bestalde, Europako txostenak nabarmentzen du berrikuntzan aurreratuenak diren eskualde gehienak, Euskadik bezala, funts asko lortzen dituztela I+G-ko Europar Esparru Programatik; Programa horrek finantzaketa ematen die enpresa eta erakundeen ikerketa- eta garapen-proiektuei, EB izan dadin munduan ikerketa-gunerik garrantzitsuena eta lehiakorrena. Aitzitik, berrikuntza gutxi egiten dutenek asko erabiltzen dituzte EB-ko Egiturazko Funtsak eta eskas esparru-programak.
Berrikuntzan liderrak diren eskualdeek lankidetza handia izaten dute enpresa pribatuen eta erakunde publikoen artean, patente kopuru handiagoa dute eta hobeto merkaturatzen dituzte beren produktuak. Berrikuntzan herrialderik aurreratuenak (Suedia, Danimarka, Alemania eta Finlandia) dira eskualde edo erregio berritzaile gehienak dituztenak ere. Honela, Alemania osatzen duten 16 eskualdeetatik, 12 berrikuntzan liderrak dira; Danimarkan eskualde guztietan egiten da berrikuntza, 5etik 2 lehen taldean sailkatuta daudelarik. Hala ere, Europar Erkidegokoa ez den herrialde batek, Suitzak, ditu bere eskualde guztiak, bat izan ezik, berrikuntzako liderren taldean.
Berrikuntza gutxieneko herrialdeak (Grezia, Hungaria, Polonia edo Eslovakia) homogeneoagoak dira, ez baitago berrikuntza handirik eskualde bakar batean ere. Gauza bera gertatzen da Errumanian eta Bulgarian, non ia ez baitago berrikuntzarik.