Eskuernagan kokatutako Bodegas Berartek 40 urte baino gehiago daramatza mahats hazkuntzaren sektorean. 2012an belaunaldi aldaketa eman da eta upategiaren irudi berria zabaltzea izan da beren helburu nagusia. Hala, bost urterako plan estrategiko baten bidez marka sendotu nahi du, eta horretarako, nazioartekotzearen, berrikuntzaren eta hazkunde jarraituaren aldeko apustua egingo du.
Belaunaldi berriak kudeaketa eredu berri bat ezarri du, eta ondorengotza prozesuaren barruan Berarte Viñedos y Bodegas S.L sozietatea eratu da, José Antonio Berrueco, Charo eta beren hiru seme-alaben eskutik: Inmaculada, Sonia eta Gonzalo.
Plan Estrategikoaren barruan hainbat helburu ezarri dituzte, besteak beste, eredu berria sendotzea, kudeaketa profesionaltzea, markaren irudia finkatzea eta balioa ematea, hazkunde jarraitua berrezartzea eta nazioartekotzen hastea. Upategiak jada badu presentzia Alemanian eta 2013an zehar bulego bat zabalduko du Hanburgon. Hala, hemendik bost urtera negozioaren %30 atzerritik etortzea espero dute.
Berarte Viñedos y Bodegas S.L sozietateak produktu berberak merkaturatu ditu duela 40 urtetik hona (kriantzarik gabeko Errioxa Gaztea, Errioxako Kriantza eta Errioxako Erreserba, hirurak ardo beltzak). Dena den, irudi korporatibo berriarekin batera, ardoen aurkezpena eta ontziratzea zabaldu egin da eta formatu berriak sortu dituzte.