DISEINU GEHIAGO, LEHIAKORTASUN GEHIAGO, BERRIKUNTZA GEHIAGO


Diseinu gehiago, lehiakortasun gehiago, berrikuntza gehiago

Diseinuak ahalmen handia du berrikuntza, hazkundea eta enplegu-sorkuntza bultzatzeko; beraz, funtsezko eginkizuna du enpresentzat aktibo ukiezin gisa. European Design Leadership Board delakoaren arabera, Europa lider da munduan diseinu-gaietan, enpresen %21ek diseinua baliabide estrategiko gisa erabiltzen baitute berrikuntza bultzatzeko; gainera, dio, diseinuak enpresen lehiakortasun handiagoa eta europar hiritarrentzat bizi-kalitate hobea ematen duela.

Berriaren irudia


Gero eta lehiakorragoa eta zorrotzagoa den testuinguruan, diseinua enpresa-tresna erabakigarria da produktu edo zerbitzu berritzaileak asmatu, produzitu, kokatu eta saltzeko orduan, betiere kontsumitzaileek espero dutena betetzen dela ziurtatuz.
Euskadik tradizio luzea du diseinu gaietan; euskal industria-diseinuak estatu mailan zenbait sari jaso ditu, adibidez, gipuzkoar STUA enpresari eman ziotenDiseinuko Sari Nazionala, Espainian dagoen saririk garrantzitsuena. Euskal Diseinatzaileen Elkarteak (EIDE) 25. urteurrenean bere ibilbideaz laster argitaratuko duen liburuan diseinuari buruzko giltzarri batzuk ematen dizkigu:
  • Diseinua tresna lehiakorra da, eta gaitasuna du kalitatea eta eraginkortasuna ere hobetzeko.
  • Enpresei aktiboki entzuteak soluziobide berdingabeak eta integralak eskaintzeko aukera ematen du, sormena, garrantzia eta eraginkortasuna uztartuz, funtsezko hiru ezaugarri negozio-aukerak garatzeko merkatu globalean.
  • Eginkizun katalizatzailea du erakundeen barruan, enpresa-arrakastarako ezinbestekoak diren sinergia sortzaileak sustatuz.
  • Diseinuak bultzaturiko berrikuntzak ekintza estrategiko bihurtzeko gaitasuna du, eta teknologia eta kultura artean duen eginkizun katalizatzailearen bidez, edo erabiltzailearen ezagutzan eta haren premiei erantzuteko gaitasunean izaten da nabari.
Bilbo diseinuaren eta hiri-eraldaketaren erreferentzia da, eta kontuan izan behar da finalista izan zela "World Design Capital 2014” hautagaitzarako. Bilbok azken 25 urteotan bizi izan duen hiri-eraldaketa izugarria diseinuak gidaturiko eraldaketa berria izan da, hiria ezagutzan oinarrituriko ekonomia sortzailerantz eraman duena.
European Design Leadership Board (EDLB) delakoak 'Design for Growth & Prosperity'  dokumentua landu du, eta diseinu-arloan zenbait gomendio egiten ditu. Txostenean 21 gomendio sartzen dira diseinuak Europako politiketan duen betekizunaz, enpresak lehiakorragoak izan daitezen eta europar hiritarrek bizi-kalitate hobea izan dezaten.
EDLB, EB-k sortua, diseinu, industria eta unibertsitateko zenbait eremutako 15 adituk osaturiko lantaldea da; horren erronka diseinuaren ekarpena areagotzea Europan hazkunde iraunkor eta inklusiboa lortzeko, lehiakortasuna areagotzeko eta europar guztien bizi-kalitatearen hobekuntzarako.